Herriak bailaren funtsa dira. 13 herri 9 kontzeju osatzen dute. Basoa edota abeltzaintza baliabide nagusiak izan dira orain gutxi arte.

Aizarotz

Aizarotz kontzejua izandakoa dugu, baina XVI. mendearen azken aldera bere izaera galdu eta Erripako jaunaren eskuetara iritsi eta bere agindupean izan zuen denbora luzez. Ezkizaburu ere Jaun berarena izan zen.

XIX. mendearen hasieran saldu zion Mitxelena zeritzan gipuzkoar bati eta hark burdinola bat eraiki zuen bertan, XX. mendera arte iraun zuena. Gero XX. mendean beste zeregin batzuetarako erabili zen. Errota ere izan zen, bertakoendako eta beste batzuendako zerbitzua egin zuena.

Aizarozko sarrera Añaungo dermioan zen, eta oraindik ere garai bateko sarrerako pilareak bertan daude zutik. Pilare horien ondoan zen etxea XX. mendeko hamarkadan erre zen. XX. mendearen lehen herenean jabez aldatu eta zatituta saldu zen, eta maizterrek berek erosi zituzten zati gehienak. Bat Nafarroako Diputazioak bereganatu zuen eta oraindik ere berea du.

Aizarotz herria dermioaren beheko aldean dago. Aintzina, ustez, gorago zen. Mendirik garaienak Ospelagaña eta Arrizorrotz ditugu, biak ere 800 metro inguruan.

XXI. mendearen hasieran urbanizazio handi bat egin zen, eta orain ibar honetan den herririk handiena da etxebizitzei dagokienez.

Arrarats

Ibarra zeharkatzen duen errepidetik urrunen dagoen herria dugu Arrarats. Beigaña deritzan mendiaren magalean dago kokatua etxe ederrez hornitua: Mendizabalea, Urrutia eta Mara. Herri gehienetan ez bezala, etxe hauek XIX. mendekoak dira.

Herri honek bizitoki izan diren borda asko ditu eta oraindik ere badira bakar batzuk. Beste batzuk erabat berrituak izan dira bigarren bizitzatarako.

San Pedro eliza barroko estilokoa da nahiz XIX. mendekoa den. Madrilen bizi zen Arrarasko Barberia(Mara) familiak ordaintzen du. Barnean diren erretaulak eta pinturak XVII. mendekoak dira nahiz eta orain, berriki, berriz doratuak izan diren. San Pedroren tailua eta besteren bat XVI. mendekoak dira, baina gehienak XVII.ekoak.

Arrarasko mendirik garaienak iparraldean daude, Ordaburu eta Beigaña biak ere 1.000 metrotik zertxobait gorakoak. Eta 900 metrotan, ikusgarria dugu Otsola larre zelaia. Otsolako erreka ere bertan jaiotzen da.

Bi trikuharri badira Otsola inguruan, Arkaldur eta Arkaldur Ekialdekoa.

Beramendi

Beramendik, Udaberekin, kontzeju bakarra egiten du. Eta bi herrietako apezetxea bertan izaten da. Aspaldixkoan, bi herrietako elkartea ere bai.

Oraingo Eliza oso berria da, 1903koa, eta estilo neogotikoa duena. Oso lerdena, dorre zorrotz batekin. Atea da antzinako Elizaren aztarna bakarrenetakoa. Barnetik, argia eta ikusgarria. Benetan ederra.

Herri honetatik pasatzen da Iruñea-Tolosako errege abelbidea, edo altxonbidea, Etxalekuko errotan barna datorrena, gero Aldatz aldera jotzeko. Etxe guztietan deigarriena Bengoetxea dugu, teilatua lau aldeetara duena, eta Tabernakoa, garai batean ostatu izana.

Udabe-Beramendin hiru esne-behiko ustiategi ditugu, gaztategi handi bat eta ostatu jatetxea.

Udabe-Beramendiko mendietan aipagarrienak honako hauek dira: Basakaitz, Etxaleku eta Latasa aldetik; Txangurdi eta Errezabaleta, Urritza aldetik; azken hori soro bihurtua duela 25 urte.

Beruete

Erbiti

Erbitik, Orokietarekin batera, Orokieta-Erbiti kontzejua osatzen du. Ia zelaia den lekuan eraikia, eta Gartzarondik oso hurbil dagoen herria da.

Etxe guzietan aipagarriena Palazioa dugu, paretak harriz eta zurez eginak dituenak; oso antzinako dirudi. Eta beste bat Etxebertzea, nahiz eta hau erabat eraberritua dagoen.

Eliza Maria Birjinaren Jaiokundeari eskainia da. Zenbait aztarnari erreparatuta oso antzinakoa dela ematen badu ere, sarreran egin diren eraberritzeen ondorioz, bere estruktura erabat aldatua agertzen da. Elizaren sarrera gotiko aurrekoa da eta erretaula, berriz, barrokoa, XVII. mendekoa. Herriko iturria 1900. urtekoa da eta herriaren erdi aldera dago. Lehenagotik, iturria frankoz gorago zen.

Bere mendirik ezagunena, Zugazmendi, hegoaldean dago, Ultzamarekiko mugatzan. Zugazmendin aurkitzen da Artatxiki deitu trikuharria, Ulzama aldetik diren beste batzurekin batera.

Gartzaron

Gartzarongo herria dugu oraintsu arte bere etxe multzoa ia aldatu gabe izan duena, XXI. mende hasieran etxe berri batzuk eraiki eta beste lau etxetan bizitzak egin dituzten arte.Etxe oso handiak ikus ditzakegu bertan, hala nola, Martxonea, Albirenea, Juantsantzenea, Jurdanea eta Juandartzenea.

Gartzarongo eliza goiko aldean dago kokatua. Antzinako elizatik ez da deus gelditzen, eta oraingoaren estiloa landugabea da. Plaza ederra, alde batean iturria eta bestean frontoia duena.

Orain Gartzarongoa egiten den lurretan bazen garai batean Urtsu zeritzan herria, baina ez da deus gelditzen, lekuizenak ez badira: Urtsu eta Ustrañeta.

Mendietan aipagarrienak herritik hurbil den Aano dugu, eta gero Solus, Gatzarreta eta Lausti, azken hiru horiek Imozko mugan. Alderdi honetan, Nafarroa osoan bezala, hariztiak desagertu dira ia-ia. Hala ere, hemen badugu harizti gazte ederra, Gorostegi eta Zubimearra dermioetan. Herri sarreran dugu, bestalde, haritz ikusgarria, 4,15 metro gerri bueltan duena.

Igoa

Igoa dugu Ibarreko herririk garaiena, 713 metrotara baitago. Herri txikia, borda askorekin, baina azken urte hauetan bikoiztu du etxe multzoa.

Bertako etxeetan nabarmenetako bat Etxezarrea deitua dugu, garai bateko Jauregiaren ondorengoa, sabaian sei leiho arkudun dituena. Herrikoetxea ere aipagarria da, karrerapea duena zirkulu erdiko arkuekin. Bestalde, hor ditugu, Garaikoetxea, Martiñenea edo Otsanbela etxeak.

Eliza, Jaiokunderi eskainia, Erdi Arokoa izan bide da baina mendez mende hainbat berrikuntza eta konponketa izan ondoren, galduak ditu jatorrizko ezaugarriak. Erretaula barrokoa da Ibarreko beste eliza askotan bezala. Errota ere bazuen herri honek Arraratsekin batera, Burkaizko azpiko aldean, Artius ugaldean. XX. mendearen bigarren erdian saldu zen, da eta oraingo jabeak errota kontserbatu du, den-dena txukundu ondoren.

Mendirik altuenak Leartzagain, Arrepel eta Irumugarrieta, hiruak 1.000 metro pasatuxekoak. Antzinako aztarnak badira herri honetan, Patatalor edo Zurittu berri eta Igoa-Eratsun deitutako trikuharriak, eta Garate soroko harri-mukurua.

Ihaben

Ihabenek bere inportantzia izan zuen bere garaian, alde batetik Jauregi bat zuelako eta, bestetik, Goizueta eta Gipuzkoa ekialderako bidea bertatik pasatzen zelako. Horri gehitu behar zaio bertan urte luzez izan zirela alderdi honetako notarioak, XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan.

Etxeetan aipagarrienak Juangoxenea, Jauregia, Arotzenea, Matxinea… dira, denak ere XVIII. mendekoak. Jauregia XIX. mendean berritua; izan zezakeen xarma galdua du.

Maria Birjinaren Jaiokundeari eskainia da eliza, Erdi Arokoa bide da, baina XVII. eta XVIII. mendeetan erabat birmoldatua izan zen eta bere itxura oso bestelakoa da orain, barrokoa da hein batean.  Ezkildorreak, hala ere, gotorleku antza berekin du. Elizaren erretaula barrokoa da. Eta, eliza barnean, Jauregiko jabeen hilobia dago.

Aipagarriak, benetan, Leyun familiak herriarentzat egin zituen lanak edo utzi zituen ondasunak: Auzenea etxea eskoletarako, iturria eta garbitegi polita, eta pilota jokorako plaza.

Mendietan aipagarriena Pagadiandieta da, 837 metro dituena, eta bertan bertize geodesiko bat dago.

Itsaso

Itsaso, garai batean bide gurutze batean kokatua, alde batetik Tolosarako bidea eta bestetik Berueten barna Goizueta eta Pasaia alderakoa, orain bazter batean gelditu da. Etxe ederrak, eta batzuk aipatzearren, hor ditugu, Juantxenea, Labetoa, Azpikoetxea edo Aramenea, denak XVIII. mendekoak.

Herri honetako eliza, San Pedrori eskainia, dugu Ibarreko interesgarrienetakoa, gotiko estilokoa, bere eraikuntza XIII. mendearen hasierakoa baina ondoren XIV.ean handitua. Mende honetakoak dira, bai aldare nagusiko aldea bai ate ikusgarria. Ondoren ere, zenbait eraikuntza-lan atxikiak ditu, dorrea eta elizataria (gorapea) bezala, hauek XVIII. mendekoak baitira. Eta meritu handikoa da erretaula, pintura ederrez hornitua, berpizkunde garaikoa.

Muizko aldean, Salbatore ermita dago, garai batean Jerusalengo San Juan ordenarena izan zena. Ermita honetara urtero Ibarreko herri guziak egiten dute prozesioa Igokunde ondorengo igandean.

Mendietan, garaienak, Untzategikogaña eta Gurutzetakogaña.

Jauntsarats

Jauntsarats ibarreko herririk ttikiena izan da, XXI. mende hasieran izan duen hazkundearen aurretik. Hala ere, ibarraren erdi-erdian kokatua dagoenez, eragina izan du eskualdeko bizitzan, azken mendeetan bertako herriburua izateaz gainera.

Etxe gutxi baina dotoreak, denak XVIII. mendekoak: Garaikoetxea, Apeztegia eta Martikonea. Herri honetan daude Ibarreko ia zerbitzu guziak: udaletxea, eskola, mediku kontsultategia eta farmazia. Eliza Jasokunderi eskainia, ttikia eta landu gabea da. Erretaula barrokoa du.

Mendi txiki hauetan haritza gailentzen da toki gutxitan bezala. Oianzabalgo beheko aldean harizti gazte zoragarria hazten ari da. Ezin aipatu gabe utzi Jauntsaratsen diren Nafarroa konkistatu baino lehenagoko bi haritzak. Biak katalogatuak eta bidexka batez lotuak dira, ikusi nahi dituenarentzat gauzak errazteko.

Mendi apalak eta gehienak zelaiak edo aldapa ttikikoak, hala nola, Oianzabal eta Landaburu. Bi ugaldeen bilkura, Basaburua eta Uxarrarena.

Ola

Ola Orokietako auzoa da, bertatik hiru kilometrora dagoena. Toki honek Untzubieta du izena eta olak Untzubietako ola, nahiz eta orain Ola izenaz besterik ez den ezagutzen.

Hemen aspalditik izan dira burdin meatzeak, eta mea ustiatzeko ola eraiki zen XVIII. mendean. Hasieran kobrea, eta XIX. mendean burdin gozoa ekoizten zuten behe-labean, catalan erara. Labe hauek ikatz aunitz behar zuten, eta horren ondorioz ikazkinak, eta txondor plazak mendian barrena izaten ziren.

Olagizonen ostatatzeko baziren bi eraikin edo etxe, oraindik oso-osorik eta ederki kontserbaturik daudenak. Geroztik beste etxe batzuk ere egin ziren eta orain, denek, Olako auzoa osatzen dute.

Orain ola eta bertara ura zekarren kanala erabat suntsituta daude. Huntzez estalitako zenbait pareta zahar besterik ez da gelditzen bertan. Olako harria erabili zuten Orokietan eskola egin zutenean, 1954. urtean.

Ibar mehar hau Nafarroako ipar aldera abiatzeko zeharbide naturala izan da, eta gerrateetan erabilia izan da. Adibidez frantsesen kontrako gerran (1808-1814) eta karlisten lehenbiziko eta hirugarrenean.

Orokieta

Orokietak Erbitirekin batera kontzeju bat osatzen du. Orokietak gainera badu auzo bat, aspaldiko burdin ola. Hortik Ola izena.

Orokietan etxe aipagarrienak honako hauek dira: Antsonea, Apezenea, Etxandia XVIII. mendekoak. Otxokonea, berriz, frankoz ere zaharragoa dirudi. Eliza, San Tiburtziori eskainia, XVI. mendeko aztarnak ditu baina gehiena XVIII. eta XX. mendean eraikia da. Erretaula barrokoa du.

Herri honetako plaza zabalean dago Espainiako Gurutze Gorriari eskainitako monumentua, gerra batean parte hartu zuen lehen aldia hemen izan baitzen, 1872. urtean, karlista eta liberalen arteko hirugarren gerra karlistan.

Mendietan aipatzekoak dira Aizarbil, Zaldarregi eta Ataketa. Bestalde, Ugaran alderdi ederrean ditugu Iturribeltza eta Organiturri iturri joriak Orokietako ugaldea hornitzen eta, garai batean, Ola mugitzen zutenak. Gaur egun Orokieta, Erbiti eta Ilarregiko herriak bertako urez hornitzen dira. Mendia soroa baino askoz ugariagoa da Orokietan; gehienbat pago ederrak dira. Beste arbol mota batzuk ere landatu dira han hemenka.

Udabe

Udabek, Beramendirekin batean, kontzeju bat egiten du. Basaburuko hegoaldekoena den herria da Udabe. Urritzatik oso hurbil, lehengo bide zaharra deuseztatu ez balitz, orain 20-25 urte. Garai batean, Udabe, Beramendi eta Urritzak apez bakarra izaten zuten, eta apeza Beramendin bizi zen; hortaz, hiru herri hauen arteko harremana oso estua izaten zen. 1786. urtean bereizi ziren, Urritza alde batetik eta bestetik Udabe eta Beramendi.

Eliza oso sinplea da, planta lauki zuzena, eta dirudienez, bere sorrera Erdi Aroan izanen lukeena, nahiz eta berrikuntza asko izan dituen oraingo itxura hartu arte. Herri honek badu Palazioa deritzan etxea eta badu Dorrea deritzana ere. Garai batean sei bizilagun izaten ziren eta, oraindik ere, sei etxe horiek zutik daude: Dorrea, Palazioa, Etxeberria, Borbonea, Martinea eta Kilimin.

Herri honetan hirugarren Gerla Karlistan bataila handi bat izan zen, 1873ko ekainaren 26an. Karlisten alde erabaki zen, baina Justo Sanjurjo Bonrostro koronel karlistak hantxe bizia galdu zuen.

Udabeko errota alderdi honetan eraikitako azkenetakoa izan zen, 1766an, baina baita gelditu zen azkena ere, 1955. urtera arte iraun baitzuen lanean.

Menua